XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Banekien han goian ezin ninduela inortxok ere ikusi.

Leku egokia zen hura eta nik aurrera egin nuen, apalean zehar, hutsik zegoen zopontziaren parera iritsi arte, bertan zerbitzatu behar bait zuten zopa.

Botilatxoa apalean utzi, tapoia askatu, ertzeraino bultza... eta zopontziaren gainera isuri nuen.

Geroagoxe, sukaldari haietako bat zopaz betetako eltzetzar lurruntsu batekin etorri eta zilarrezko zopontzian isuri zuen.

Estalkia gainean jarri eta oihuka esan zuen: - Talde handiaren zopa, prest!.

Eta zerbitzari bat etorri eta zopontzia eraman zuen.

Lortu nuen! Nahiz eta amona gehiagorik ikusi ez, sorginek behintzat sagusorgailua hartuko zuten!.

Nik hustutako botilatxoa eltzetzar baten atzean utzi eta atzeraka ekin nion, goiko apaletik.

Askoz arinago nenbilen botilatxorik gabe.

Isatsa erabiltzen hasi nintzen, gero eta gehiago.

Apal hura eltzez eltze egin nuen, kirten batetik bestera zabuka, han behean sukaldariak eta zerbitzariak hara eta hona zebiltzan bitartean... eta eltzeei lurruna zerien, eta zartaginei txinpartak, lapikoak irakiten... (...).